Ahotsenea, sortzaileen gunea gune jakin bat izango litzateke, egungo Azoka aterpetzen duen Landakotik kanpo eta kafe-antzokien taxuan antolatua, hau da, espazio birekin. Gunea, karpa baten aterpean kokatu gura genuke, Durangoko Ezkurdi plazan, berbarako.
Guneotako bat Kafearen espazioa litzateke, eta horretan literaturazale eta musikazaleek jesarrita egoteko lekua legoke, lasai egotekoa, mahaiaren inguruan zernahi hartzen den bitartean besteari adi egoteko moduan atondua.
Bigarren espazioan (Sortzaileen espazioan) Durangora hurbilduko liratekeen idazle eta musikariekin elkarrizketak, mahai-inguruak, solasaldiak eta antzekoak bertatik bertara egiteko eta ordu erdi zein 40 bat minutuko musika emanaldiak egiteko modua legoke. Lan hori bi kazetarik egitea proposatzen dugu: Batek literatura arloa jorratuko luke eta besteak musika arloa. AHOTSENEAk zabalik dirauen egun eta orduetan arituko lirateke bi kazetariok.
Ahotsenean gertatzen den guztia zuzenean aditzeko aukera legoke, batetik, eta bestetik Interneten bidez hedatuko litzateke Euskal Herri osora zein mundura. Egun horietan Azokara hurbiltzeko aukera ez dutenek eta Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek AHOTSENEAk zabalik dirauen artean euskal sortzaileon jardunaren berri izateko aukera izango luke. Ez litzateke baztertu behar irratiz ere ematea.
Programazioa bi kazetariek, koordinatzaileak eta produkzio arduradunek diseinatuko luke baina horretarako, aurrez, idazle, musikari, editore eta disketxe zein argitaratzaileen adostasun eta oneritzia izango lukete. Arestian aipatu legez, Azokara bertara letozkeen sortzaileekin izango genituzkeen elkarrizketa, mahai-inguru, solasaldi eta zuzeneko musika emanaldiek osatuko lukete programazioa, baina batez ere, literaturazale/musikazale/ ikusle/entzule parte hartzea bermatu beharko genuke.
Elkarrizketak luzeak, irakurriaren gainean eta zuzenean irakurriz, patxadatsuak eta nahikoa zuzenak edo barrukoiak lirateke, datozkeenei normalean ematen ez zaien horixe emateko; sortzailearekin harreman beroa, bizia, galderak egiteko aukera eta guzti. Zein giro sortu nahi dugun eta, berba bat datorkigu gogora: mendebaldean sasoi onari, epelari, gozoari esateko erabiltzen dana: aroa.
Musikak kuoten sistemen bidez jarriko genituzke, alegia, musika denak, denetarikoak eta tarteak objektibotasunez banatuz. Hori horrela, lehentasuna inori ematekotan eman egin beharko litzaieke, agian bai, irrati arruntetan oharkabean pasatzen uzten dituztenei.
Ahotsenea ekimen independente, profesional eta autonomo modura ikusten dugu. Eta euskalduna, jakina.
Ahotsenea, sortzaileen guneak Azokaren egitaraua arruntaren berri zehatza emango luke.
Ekimenak eskatzen duen inbertsioari aurre egiteko, instituzio publikoen dirulaguntzaz gain, babesleak bilatu beharko ditugu. Are gehiago kontuan izanik AHOTSENEA 2008 egiteko laguntza eskasa jaso duguna.
Helburuak aipatzea merezi duelakoan, esan dezagun, amaitzeko, urteotan Azokara etortzeari utzi dioten zaleak berriro erakarri nahi ditugula, argi, eta era berean beste Aro bat sortu, hitzaren zentzu bietan.
Horretan ezinbestekoa da sortzaileon inplikazioa, gu geu baikara gure zaleei beste zerbait eskaini behar diegunak, liburuak eta diskoak sinatzeaz eta gure aurpegiak han edo hemen ikusteaz gainera. Harreman zuzena bultzatu gure genuke, urtean behineko kontu errenditzea, igurtzia eta, zertan ez, aditasuna, guri zer esateko duten ere esan ahal diezaguten.
Azoka bera aberastu gura dugu, horren gunea herrira zabalduz, eta erreferentzi puntu edo leku bat mapan –benetakoan eta birtualean- kokatuz.